- 2026-10-09
- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Euskal Diasporaren Lege-aurreproiektuari buruzko irizpena ere eman du, eta bi kasuetan egokitzat jotzen du izapidetzea, betiere aldatzeko egindako gogoetak kontuan hartzen badira.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak egindako “Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko Legearen erregelamendua onartzen duen Dekretua” testuari buruzko txostena eman du. Kontsulta-organo horren iritziz, izapidetzea egokia da, eta zenbait hobekuntza proposatzen ditu gogoeta gisa.
Erregelamenduaren helburua da gaur egun hainbat dekretutan jasota dagoen erregulazioa arau-testu bakarrean biltzea, BGAEen inbertsioen arloko erregulazioa aldatzea eta zabaltzea –besteak beste, kudeatutako baliabideen zati bat euskal industria-, enpresa- eta teknologia-sarearen errotzea eta hazkundea bultzatzen duten proiektuetara bideratzeko–, eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren erregulazioa Europako arau-esparrura egokitzea.
EGABek balorazio orokor positiboa egiten du dekretu-proiektuaz, eta bereziki nabarmentzen du BGAEen arloko erregelamendu-araudiaren ordenazio, sistematizazio eta eguneraketa ahalegina. Zehazki, proiektuak Erregelamendu bakarra jartzen du gaur egun batera indarrean dauden 87/1984, 92/2007, 203/2015 eta 13/2024 Dekretuen ordez, eta, hala, sistematika eta segurtasun juridikoa hobetzen laguntzen du.
Halaber, batzordeak bereziki positibotzat jotzen du testua sektorearekin aldez aurretik izandako elkarrizketa-prozesuaren emaitza izatea, horri esker edukiaren zati handi baten inguruko adostasun-maila handia lortu baita.
Era berean, positibotzat jotzen du dekretuak BGAEen inbertsio jasangarri eta arduratsuko politiken sustapena jasotzea, inbertsio-erabakien, gizarte- eta ingurumen-helburuen eta bazkideen epe luzeko interesaren arteko lerrokatze progresiboa bultzatuz; betiere kudeaketa zuhurraren esparruan eta bazkideen finantza-interesen babesa kaltetu gabe.
Hala ere, EGABek ohartarazten du Dekretuak ez dituela argi adierazten baliabideen orientazio eta lerrokatze mekanismoak, eta uste du oso positiboa litzatekeela mekanismo horiek artikuluetan zehaztea. Aldi berean, irizpide objektibagarriak eskaintzea komeni dela ere planteatzen du, kudeaketa zuhurra eta bazkideen finantza-interesen babesa bermatzeko eta egiaztatzeko.
Proposamenaren alderdi positiboenen artean, EGABek 51. artikuluaren orientazioa nabarmentzen du, Euskadiko ekonomia produktiboan inbertitzeko aukerak berariaz aintzat hartzeari dagokionez. Batzordearen ustez, aurreikuspen hori herrialde-apustua da, BGAEek kudeatutako aurrezkiak Euskadiri lotutako enpresa-proiektuak finantzatzen lagundu ahal izatea errazten baitu, gure enpresen hazkundea, eraldaketa, berrikuntza edo belaunaldi-erreleboa bultzatuz.
EGABen iritziz, inbertsio horrek bateragarria izan behar du argi definituta dauden eta nazioarteko adostasuneko gomendio eta araudiekin bat datozen gizarte- eta ingurumen-irizpideak txertatzearekin, bai eta berariazko gizarte-bermeekin ere, langileen ondarea ez dadin kalitatezko enpleguaren, berdintasunaren, negoziazio kolektiboaren, jasangarritasunaren eta inbertsioekin lotutako gobernantzaren printzipioekin bateraezinak diren jardueretara bideratu.
Euskal Diasporaren Lege-aurreproiektua
EGABek Euskal Diasporaren Lege-aurreproiektuari buruzko irizpena ere eman du. Aurreproiektu horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta, oro har, euskal gizarteak kolektibo horrekin dituzten harremanen sustapena, koordinazioa eta sendotzea, bai eta harreman horiek erraztuko dituen esparru juridiko eta estrategikoaren ezarpena ere. Kontsulta-organoak positibotzat jotzen ditu lege horren helburuak, eta uste du izapidetzea egokia dela; halaber, zenbait hobekuntza proposatzen ditu gogoeta gisa.
Zehazki, EGABen ustez, Diasporaren kontzeptua bera birdefinitzea aurrerapausoa da indarrean dagoen araudiaren aldean –araudi hori 1994an ezarri zen, eta, beraz, gaur egungoaz oso bestelakoa zen une ekonomiko, sozial eta kulturalean sortu zen–. Ildo horretan, bereziki nabarmentzekoak dira terminologia berriaren sarrera eta sailkapena zabaltzea, bai eta komunitate birtualen aitorpena eta arkitektura instituzional eta gobernantza-eredu berrien diseinua ere.
Hala ere, irizpenak hobetu beharreko zenbait puntu adierazten ditu. Lehenik eta behin, aurreproiektuak emakumeen eta gizonen berdintasuna zeharkako printzipio gisa txertatzen badu eta arlo horretan hainbat neurri aurreikusten baditu ere, berariaz jaso beharko luke ikuspegi intersekzionala, eta generoaren eta beste faktore batzuen (hala nola jatorria, adina, desgaitasuna, egoera sozioekonomikoa edo migrazio-egoera, sexu-orientazioa edo genero-identitatea) arteko elkarreraginetik eratorritako desberdinkeriak identifikatzeko eta horiei heltzeko mekanismo zehatzak aurreikusi beharko lituzke.
Bigarrenik, aurreproiektuak diasporaren aniztasuna eta euskaltasuna bizitzeko modu ugariak aitortzen ditu, baina irekitasun hori euskal kultura kontserbatzeari, zaintzeari eta transmititzeari buruzko behin eta berriro agertzen diren aipamenekin uztartzen du. Komenigarritzat jotzen da euskal kulturaren eta kidetasunaren ikuskera dinamikoa, plurala eta ebolutiboa indartzea, ikuskera horrek diasporaren esperientzien, harrera-gizarteekiko elkarreraginaren eta kidetasun- eta partaidetza-modu berrien bidez izandako eraldaketa aitor dezan, eta euskal nortasunaren ikuskera homogeneoak edo esentzializatuak saihets daitezen.
Azkenik, EGABek Lege orok araugai den gaiaren esparru orokorra definitzen duela aitortzen duen arren, aldi berean uste du aurkeztutako aurreproiektuak gai gehiegi uzten dituela erregelamendu bidezko erregulazioaren esku eta, beraz, gai horiek oinarrizko definizio egokirik gabe gera litezkeela.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomiko eta sozialek duten partaidetza eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.