EGABen irizpena Euskal Sektore Publikoa arintzeko eta sinplifikatzeko Lege-aurreproiektuari buruz

  • Egokitzat jotzen du izapidetzea, betiere bere aldaketarako egindako gogoetak kontuan hartzen badira.

 Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak aztertzeko aurkeztutako “Euskal Sektore Publikoa arintzeko eta sinplifikatzeko Lege-aurreproiektua” testuari buruzko txostena eman du. Irizpena gehiengoz onartu da, finantza-erakundeen ordezkariaren boto partikularrarekin. Proposamena aztertu ondoren, kontsulta-organoak egokitzat jotzen du araua izapidetzea, hura aldatzeko egin dituen gogoetak kontuan hartuta; horien artean, epeak murrizteari buruzkoa nabarmentzen da, eragina baitu EGABen beraren funtzionamenduan.

Zehazki alderdi horri dagokionez, txostenak gogorarazten du epeak murriztea, besterik gabe, ez dela per se neurri positiboa, eta Lege-aurreproiektuetarako eta Jaurlaritzaren Plan orokorretarako nahitaezko irizpenen –gainera, funtsezkoak dira– epeak erdira murrizteko proposamenak arrisku larrian jar ditzakeela EGABen eginkizunak eta ohiko funtzionamendua.

Nolanahi ere, EGABek begi onez ikusten du ekimena, gizartearen eta ekonomiaren premia bati erantzuten baitio; premia hori askotan eskatu izan da, eta zuzenean dago erlazionatuta zerbitzu publikoen kalitatearekin, herritarren eskubideak benetan baliatzearekin eta lehiakortasunarekin eta jarduera sozioekonomikoaren garapenarekin.

Ildo horretan, irizpenak positibotzat jotzen du lege-ekimenak herritarrek eta enpresek botere publikoekin duten harremanari lotutako kostuak murrizteko erabakigarriak diren gaiak aipatzea. Zehatzago, hauek aipatzen ditu: erantzukizunpeko adierazpenak eta komunikazioak lehentasunez erabiltzea aldez aurreko baimenen aldean, eta azken horien salbuespenezko izaera; balio erantsirik gabeko izapideak, agiriak eta kontrolak kentzea; datuak behin bakarrik aurkezteko printzipioa eta elkarreragingarritasuna; izapideak kontzentratzea eta txostenak aldi berean eskatzea; epeak murriztea eta ebazteko benetako denborak neurtzea; bai eta gutxieneko esku-hartze administratiboa ere.

Hala ere, EGABek gogorarazten du araudi bat onartze hutsak ez duela arrakasta bermatzen, hura benetan aplikatzea lortzen ez bada, eta, zoritxarrez, praktikara eramatea lortu ez diren ildo bereko lege-saiakera ugari izan direla.

Halaber, irizpenak adierazten du helburua desiragarria den arren erabateko zuhurtziaz heldu behar zaiola, dakartzan ondorioengatik. Ildo horretan, gogoeta, zehaztapen, hobekuntza edo/eta aldaketaren xede izan behar duten zenbait alderdi planteatzen ditu, hala nola epeen murrizketa lehen aipatutako xedapen orokorrak egiteko prozeduretan.

Hala, idazkian adierazten da sinplifikazioa eta epeen murrizketa helburu legitimoak direla eta Aurreproiektuak berariaz bilatzen dituela, baina horiek aplikatzeak ez duela ekarri behar interes ekonomiko eta sozialen ordezkari diren kontsulta-organoen benetako gaitasuna kaltetzea, ordenamendu juridikoak agintzen dizkien erakunde-partaidetzako eginkizunak behar bezala betetzeko.

Bestalde, irizpenak administrazio-prozedura guztietan epeak murrizteari buruz ere ohartarazten du, eta gogorarazten du beharrezkoa dela aldez aurreko baimenen benetako salbuespenezko izaerari eustea. Halaber, “behin bakarrik” printzipioa benetan aplikatzen dela bermatzeko eta administrazio-kargak konpentsatzeko araua gauzatzeko eta kontzentrazio-printzipioa zuzenketa-errekerimenduen fasean ere errazteko deia egiten du.

Ziurtapeneko erakunde laguntzaileei eta agiri bidezko ziurtapen egiaztatuaren araubideari dagokienez, irizpenak aipatzen du Aurreproiektuak ez duela zehazten zerbitzua nork ordaintzen duen, tarifak nola finkatzen diren, argitaratu behar diren, mugarik edo hobaririk dagoen, eta zehaztasun falta duela funtsezko alderdietan, hala nola eginkizunak betetzeko gaitutako gutxieneko profesional kopuruan.

Era berean, kontuan hartu beharreko gogoetak egiten ditu kontsulten trazabilitaterako eskubideari, ebazteko epeei eta epeen etengabeko ebaluazioari buruz, eta gogorarazten du funtsezkoa dela barne-txostenak botila-lepo bihur daitezela saihestea.

Azkenik, zehapen-araubideari dagokionez, ohartarazten du ez duela arau-hauste arinetarako zehapenik arautzen, eta, emaitzen ebaluazioari dagokionez, funtsezko bi alderdi azpimarratzen ditu. Batetik, emaitzak modu errazean neurtu ahal izan beharko liratekeela, eta, bestetik, tresna telematikoak indartzean arrakala digitala kontuan hartu behar dela eta herritar guztiek prozesuetara sarbidea izatea bermatu behar dela. 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomiko eta sozialek duten partaidetza eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.

Login Account

Already a Rubnio Customer?

Invaild email address.

6 or more characters, letters and numbers. Must contain at least one number.

Your information will nerver be shared with any third party.