- 2026-11-16
Batzordeak egokitzat jotzen du izapidetzea, eta zenbait gogoeta egiten ditu hura aldatzeko.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako “Nekazaritza, Elikadura eta Gastronomiari buruzko Legearen aurreproiektua” testuari buruzko txostena eman du. Erantzunean, Batzordeak egokitzat jotzen du izapidetzea, eta zenbait gogoeta egiten ditu hura aldatzeko.
Arauaren xedea EAEn nekazaritza-, elikadura- eta gastronomia-politika garatzeko euskal administrazio publikoek izan behar dituzten printzipio inspiratzaileak eta jarduteko oinarriak ezartzea da. Era berean, euskal nekazaritza-elikagaien sektorea tresna berriz hornitu nahi du, haren funtsezko izaera estrategikoa indartzeko eta sendotzeko, eta, horrela, hornidura eta elikagai-irisgarritasuna, haren jasangarritasun ekonomikoa eta elikadura-segurtasuna bermatzeko, batez ere krisi-egoeretan.
EGABek bat egiten du indarrean dagoen legea eguneratzeko beharrarekin, eta positibotzat jotzen du gaur egungo errealitatera eta etorkizunak dakartzan erronketara egokituko den erregulazio berria egitea, baina hobetu daitezkeen zenbait alderdi adierazten ditu. Ildo horretan, EGABen ustez, zioen azalpenean aipatu beharko litzateke lehen sektoreak betetzen duen eginkizuna eta nekazaritza- eta landa-eremuen despopulazioaren aurka ematen duen balioa, bai eta elikadura-sektoreak Euskadiko osasun-sisteman duen garrantzia ere. Haren iritziz, pisu handiegia ematen zaio eraldaketa- eta merkaturatze-sektoreari, eta nekazaritza-ekoizpena ahultasun-egoeran uzten da.
Alde batetik, aurreproiektua Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030arekin oso lerrokatuta badago ere, testuak ez du plan horren berariazko aipamenik egiten. Bestetik, legeak finantza-sisteman eragin zuzena duenez, euskal finantza-erakundeak nekazaritza-sistemaren gobernantza-ekosisteman sartzea iradokitzen da, nekazaritza-aseguruen mahaian eta finantza-tresnen diseinuan, batez ere.
Azkenik, EGABen ustez, testuak Eusko Jaurlaritzaren konpromiso zehatza eta epe jakinekoa jaso behar du, euskal nekazaritza-sektorearen berezitasunetara egokitutako eta sektoreak gaur egun dituen erronkei soluzioa emateko nekazaritza-politikako tresna gisa balio dezakeen landa-errentamenduen lege berezia prestatzeko.
Babesa eta prestakuntza
Berariazko gogoeten artean, EGABen ustez ezinbestekoa da berariazko aginduak jasotzea ekoizleen administrazio-lan karga eta burokrazia murrizteko, gaur egun bete behar duten dokumentazio-maila gehiegizkoa baita, eta, batzuetan, datu eta informazio berberak hainbat prozesutan eta organotan aurkeztu behar baitituzte.
Gainera, azpimarratzen da beharrezkoa dela jardunbide espekulatiboak saihesteko arautzea, eta inportatutako nekazaritzako elikagaiek ekoizpen jasangarriaren eta elikadura-segurtasunaren baldintza berberak betetzen dituztela zaintzea. EGAB, halaber, kezkatuta agertzen da merkaturatze-kateen aurrean ahulenak diren ustiategiengatik; horregatik, mikroenpresei eta enpresa txikiei baimendutako gehieneko diru-laguntzak –digitalizaziorako eta prozesuetarako– ematea ekarriko duen lehentasunezko tratamendua jasotzea proposatzen du.
EGABek, administrazio publikoek abeltzaintza estentsiboaren segurtasuna sustatzeko dituzten programen esparruan basa-faunaren erasoen aurkako babesa berariaz aipa dadin ere egiten ditu aldaketak.
Beste gai batzuen artean, EGABek proposatzen du Eusko Jaurlaritzak, nekazaritza, elikadura eta gastronomia arloetan eskumena duten sailen eta unibertsitateen bidez, arrantza-kudeaketako eta ozeanoen nazioarteko gobernantzako goi-mailako prestakuntza bultzatu, babestu eta garatuko duela jasotzea.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomiko eta sozialek duten partaidetza eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.