- 2026-07-08
Javier Muñecas presidentea buru izan duen Euskadiko EGABeko ordezkaritza Gasteizera joan da, Imanol Pradales Lehendakariari eta Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko Lehendakariari Erakundearen Osokoak onartutako 2025eko Memoria Sozioekonomikoa entregatzeko.
EGABen aldetik, Izaskun Astondoa Idazkari Nagusiaz gain, Jon Barrutia Memoria Sozioekonomikoaren batzordeko presidentea eta CCOOko Oskar Arenas, UGTko Tximi López, ConfeBasK-eko Pablo Martín eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko Mikel Barturen kontseilariak izan dira.
Bi topaketetan, EGABeko arduradunek 2025. urteko EAEko egoera ekonomiko eta sozialari buruzko dokumentuan adierazten diren eduki eta gogoeta nagusiak azaldu dituzte. EGABen memoria sozioekonomikoa erradiografia zabala da, iturri ofizialekin soilik egina, eta batzordeak urtero-urtero prestatzen du, legeriak hala aginduta, Euskadiren urte bakoitzeko egoeraren berri emateko.
Lehendakariarekin batera, Mikel Torres Jaurlaritzako bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko Sailburua eta Noel D´Änjou Ogasun eta Finantzetako sailburua izan dira. Eusko Legebiltzarrean egindako harrera-ekitaldian Unai Grajales Kabineteko zuzendariak lagundu dio presidenteari.
Gai sozioekonomiko ia guztiei buruz (lan-merkatua, bizi-baldintzak, gizarte-babesa, osasuna, ingurumena, hezkuntza, zientzia, teknologia eta berrikuntza, batzuk aipatzearren) dauden datu eta estatistika nagusien bilduma oso ordenatua eta egituratua izateaz eta testuinguruan kokatzeaz gain, Memoriak hainbat gogoeta biltzen ditu, EGAB osatzen duten eragile ekonomiko eta sozialen elkarrizketaren eta akordioaren emaitza direnak; hala, analisia aberastu eta dimentsio praktikoa ematen zaio.


