- 2026-10-13
- Batzordeak balioetsi egin ditu Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak EAEri Euskal Unibertsitate Sistema arautuko duen arau-esparru eguneratua emateko egindako ahalegina eta horren egokitasuna. Lege-aurreproiektuaren edukiaren egokitasunari dagokionez, EGABek zenbait gogoeta egin ditu.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak aztertzeko aurkeztutako “Unibertsitateen Lege-aurreproiektua” testuari buruzko txostena eman du. Irizpena gehiengoz onartu da, LABen boto partikularrarekin. Idazkia aztertu eta Euskal Unibertsitate Sistema arautzen duen arau-esparrua eguneratzeko egindako ahalegina eta horren egokitasuna balioetsi ondoren, EGABek egokitzat jotzen du Lege-aurreproiektuaren edukiaren egokitasunari buruzko zenbait gogoeta egitea.
Aurretiazko gogoeta gisa, kontsulta-organoak ohartarazten du Aurreproiektuak orain arte arautu gabe zeuden hainbat alderdi arautzen dituela –antolaketa- eta prozedura-gaiak–, eta guztiek ez dutela trataera bera merezi. Ildo horretan, Legeak erregelamendu bidezko garapenari buruzko Azken Xedapen bat jasotzea eta Legea onartzearekin batera garapen-arauen egutegia aurkeztea gomendatzen du.
Jarraian, txostenak luze heltzen dio unibertsitate-ereduaren eta haren bilakaeraren gaiari. Hala, adierazten du unibertsitatearen egitekoa pertsonei euren ibilbide profesional osoan lagun egitea eta sortzen duen ezagutza jarduera ekonomikoan eta zerbitzu publikoetan modu eraginkorrean txertatu ahal izan dadin saiatzea dela. Ikuspegi horretatik, EGABek komenigarritzat jotzen du Aurreproiektuan etengabeko prestakuntzaren eta bizialdi osoko ikaskuntzaren trataera indartzea, eta legeak, berezko titulu tradizionalekin batera, mikrokredentzialak eta prestakuntza laburreko beste modalitate batzuk ere aintzat hartu beharko lituzkeela iradokitzen du.
Halaber, Unibertsitate Planak helduen kualifikazio- eta birkualifikazio-premien diagnostikoa jaso beharko lukeela planteatzen du, unibertsitate-prestakuntzan sartzeak haien enplegagarritasuna edo garapen profesionala erraztu dezakeenean, bai eta ekoizpen-sarearen bilakaerari eta aldaketa teknologikoei lotutako laguntza-ildoak ere.
Ezagutzaren transferentziari dagokionez, Aurreproiektua arau-oinarri garatuago batetik abiatzen da, transferentzia unibertsitateen funtsezko eginkizun gisa berariaz aitortzen baitu; hala ere, txostenak tresna nahikoz hornitzea iradokitzen du, unibertsitatearen eta sare sozioekonomikoaren arteko lankidetza eraginkortasunez gara dadin. Haren iritziz, legeak dauden oztopoak murrizten lagundu beharko luke, unibertsitateekiko harremana eskuragarriago eta gardenago egingo duten gutxieneko baldintza komunak ezarriz, eta akordio-eredu normalizatuak ezartzearen alde egiten du.
Lankidetza hori behar bezala garatzeko, Aurreproiektua ikerketa-emaitzen ustiapenari eta balorizazioari buruzko berariazko erregulazio batekin osatzea eta unibertsitate-ekintzailetzaren eta unibertsitaterako diru-sarreren iturri gisa patenteen salmentaren trataera berrikustea proposatzen da. Halaber, hirugarrenekin kontratatzeko prozeduretan jardutea komeni dela adierazten du, kontratu estandarretarako prozedura sinplifikatuen bidez, bai eta erantzuteko gehieneko epeak aurreikustea ere.
Oro har, proposatutako hobekuntzek Euskal Unibertsitate Sistemaren etorkizunerako gero eta erabakigarriagoak diren bi dimentsio indartzeko aukera emango lukete. Batetik, prestakuntza-erantzun malguen bidez pertsonei euren bizitza profesional osoan lagun egiteko gai den unibertsitatea. Bestetik, sortutako ezagutza berrikuntza eta gizartearentzat baliagarria den jarduera bihurtzeko gai den unibertsitatea.
Unibertsitate-ereduari buruzko lehen puntu horren ondoren, EGABek prestakuntza- eta ikerketa-eskaintzaren eta premia sozioekonomikoen arteko loturari eta Gobernantzari heltzen die. Arlo horretan, Batzordeak adierazten du Aurreproiektuak ez dituela behar bezala zehazten eskaintza hori gizarte osora, ekoizpen-sistemara, enpresetara eta ETEetara iristea erraztuko luketen prestakuntza- eta ikerketa-eskaintza premia sozioekonomikoekin lotzeko mekanismoak.
Lotura-mekanismoak eraginkorrak izan daitezen, txostenak funtsezko bi ekintza adierazten ditu. Lehenik eta behin, EHUko Gizarte Kontseiluaren erakunde-izaera indartzea, Aurreproiektuan planteatutako kokapenak arau-maila jaistea baitakar indarrean dagoen Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen (EUSL) aldean. Bigarrenik, Gizarte Kontseiluan enpresa-erakunde garrantzitsuenaren eta sindikatu-erakunde nagusien ordezkaritzari eustea, baldintza berdinetan, eta hargatik beste erakunde batzuen ordezkaritza gehigarria aurreikusi ahal izatea eragotzi gabe, osaera zabalduz edo egokituz.
Txostenak unibertsitateko langileen lan-eskubideen defentsa ere aipatzen du, eta ikertzaileak LPZn sartzea, muga murriztaileak kentzea eta absentziak beteko direla bermatzea, eta ordainsari-osagarriak pixkanaka finkatzea eta negoziazio kolektiboaren bidez adostea eskatzen du. Halaber, komenigarritzat jotzen du unibertsitate publikoan talentu akademikoa eta ikertzailea atxikitzeko, erakartzeko eta egonkortzeko ituna ezartzea, nazioarteko mugikortasuna baztertzailea ez den meritutzat hartzea eta kontziliaziorako bermeak ematea, figura bisitari eta gailenetan gardentasuna, kontrola eta lan-bermeak ziurtatzea, eta ezkutuko enplegu-aniztasuna eta Bateraezintasunen Legearen urraketa geldiaraztea.
Unibertsitate-autonomiaren defentsari eta gobernantzari dagokienez, EGABek aurkeztutako araudian hobetu beharreko bost alderdi adierazten ditu: unibertsitateak Lan Eskaintza Publikoa onartzea, baimendutako kostu-mugaren barruan; unibertsitateak LPZren gainean duen autoantolaketa-ahala; zerbitzu publikoaren babesa neurrigabeko zehapenetatik; diziplina-espedienteetako berme sindikalak; eta egiaztapenen elkarrekiko aitorpena eta eramangarritasuna.
Unibertsitate-ereduari, Finantzaketari eta KAZLTri dagokienez, kontsulta-organoak gai hauekin erlazionatutako beste bost hobekuntza-ekintza planteatzen ditu: KAZLTren karrera profesionala, ordainsariak eta ebaluazioa; KAZLT Unibertsitate Planean sartzea; KAZLTren prestakuntza lanaldiaren barruan; unibertsitate publikoaren oinarrizko egiturazko finantzaketa; eta unibertsitate publikoaren lehentasuna eta unibertsitate pribatuak sortzeko eta finantzatzeko bermeak.
Bermeak eta egiturazko eskubideak ere aztertzen ditu txostenak. Hor, EGABek zenbait gabezia antzeman ditu EHUren funtzionamendu egokirako eta bertako langileen lan-baldintzen babesa bermatzeko garrantzitsutzat jotzen diren alderdien erregulazioan; horregatik, aztertzea komeni den zenbait gai jasotzea proposatzen du, hala nola hautaketa-prozesuen ondoren behin betiko plazarik lortzen ez duten lan-poltsetako aldi baterako langileen eta bitarteko langileen babesa edo telelanaren erregulazioa.
Azkenik, irizpenak berdintasunaren trataerari heltzen dio. Puntu horretan, EGABek aipatzen du, batetik, soldata-arrakalaren zuzenketa Berdintasun Plana ez den bestelako maila bereizi batean jarri beharko litzatekeela, eta, bestetik, planteatutako kontziliazio-neurriek ez luketela genero-rolak betikotzen lagundu behar, kontziliazio-beharrak emakumeei dagozkiela aurreikusten den egungo idazketarekin gertatzen den bezala.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruz
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomiko eta sozialean interes ekonomiko eta sozialek duten partaidetza eraginkorra izan dadin. Bere izaeraren arabera, eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta gizarte-politikaren arloko arau-proiektuei eta plan orokorrei buruzko nahitaezko txostenak prestatzea, eta Eusko Jaurlaritzari gai horri buruzko proposamenak egitea.