- 2026-07-09
- Version
- Download 23
- File Size 1.39 MB
- File Count 1
- Create Date 2026-07-09
- Last Updated 2026-07-10
Laburpena eta Ondorioak 2025
Hazkunde positiboa nazioarteko agertoki konplexuaren aurreko kezkarekin
Aurten ere atsegin handiz aurkezten dut, urtez urte, Euskadiko errealitate ekonomiko, sozial eta laboralaren azterketa zorrotzerako erreferentzia den Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Memoria Sozioekonomikoaren beste edizio bat. Asko dira datuak ematen eta azterlanak egiten dituzten erakunde eta organismo pribatuak, baina gure memoriaren balioa, zuen baimenarekin, Euskadiko EGABen dauden eragile ekonomiko eta sozial guztiek informazioa aztertu eta disekzionatu egiten dutela da, norabide onean aurrera egiten jarraitzeko bide orria eskaintzeko.
2025eko Memoriak gure ingurunearen bilakaeraren ikuspegi zabala eta arrazoitua eskaintzen du, ekonomia-, teknologia-, demografia- eta ingurumen-eraldaketa garrantzitsuen jarraitutasunak markatutako aldian. Ziurgabetasuna eta aldaketen azelerazioa ezaugarri dituen nazioarteko testuinguruan, diagnostiko objektibo bat izateak, iturri ofizialetako datuetan oinarrituta eta hausnarketa partekatutik abiatuta, are balio handiagoa hartzen du.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen eginkizun nagusietako bat Euskadiko errealitate sozioekonomikoa ezagutzen laguntzea eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko elkarrizketarako gune bat bideratzea da. Memoria honek konpromiso horri erantzuten dio, hain zuzen ere. Adierazle nagusien bilakaera deskribatzeaz gain, Euskadik dituen erronkak eta aukerak ulertzea erraztuko duen interpretazioa eskaintzea du helburu, ikuspegi pluraletik eta interes orokorrera bideratuta.
Datuek erakusten dutenez, ekonomiak egokitzeko eta erresilientzia izateko gaitasuna erakusten jarraitu du, eta aurrerapen esanguratsuak egin dira hainbat arlotan; hala ere, agerian uzten dituzte lehentasunezko arreta iraunkorra eskatzen duten erronkak. Energiaren, digitalizazioaren eta demografiaren arloan egiteko dauden eta nahitaezkoak diren trantsizioek lanketa integrala eta ondo planifikatua behar dute, inor atzean ez kanpoan ez uzteko.
Lan-merkatua, 2022ko lan-erreformaz geroztik unerik onenean dagoen arren, mikroskopiopean aztertuta neke-zantzuak ematen hasi da, eta, beraz, hiru trantsizio horiek modulatzeko moduak palanka gisa jardun beharko luke, ekonomiak eta herritarren ongizateak hazkundearen bidean jarrai dezaten. Berriro diot, hurrengo orrialdeetan datu ugari aurkituko dituzue, baina gure gogoetak, analisitik eta adostasunetik, sentsibilitateen eta ikuspegien baturatik sortzen diren datu horiek xehetasunez irakurtzeko eskatzen dizuet, Batzorde honetatik lurralde hobe eta prestatuagoa eraikitzen, erronka globalez betetako testuinguru aldakor honetan laguntzeko.
Horregatik guztiarengatik, argitalpen hau posible egin dutenen lanaren balioa nabarmendu nahi dut. Nire esker ona adierazi nahi diet Batzordea osatzen duten pertsonei, haien parte-hartzeak ordezkatzen dituzten ikuspegi eta esperientzia anitzetatik azterketa aberasten baitu; Euskadiko EGABeko talde teknikoari, profesionaltasunarengatik, zorroztasunarengatik eta dedikazioarengatik; eta informazioa eta datuak emanez lan horren kalitatean laguntzen duten erakunde eta organismo guztiei.
Espero dut Memoria hau tresna baliagarria izaten jarraitzea erakunde publikoentzat, eragile ekonomiko eta sozialentzat, mundu akademikoarentzat eta herritar guztientzat. Gure errealitatea sakon ezagutzea erabaki hobeak hartzeko eta, erantzukidetasunetik abiatuta, Euskadi oparoagoa, lehiakorragoa, inklusiboagoa, solidarioagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko lehen urratsa da.
Javier Muñecas Herreras
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko Presidentea
Memoria Sozioekonomikoa 2025 (Laster eskuragarri)
