- 2024-11-13
2024ko urriaren 18an, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren idazkia jaso zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean; bertan, “Erabilera turistikoko etxebizitzei eta etxebizitza partikularretako logelei buruzko uztailaren 3ko 101/2018 Dekretua aldatzeko dekretu-proiektuari” buruzko txostena egiteko eskatu zen.
Aztergai darabilgun dekretu-proiektuaren xedea da erabilera turistikoko etxebizitza eta etxebizitza partikularretako logelei buruzko uztailaren 3ko 101/2018 Dekretua aldatzea, lehen xedapen gehigarria indargabetuta.
Jasotako dokumentuaren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, euren proposamenak eta iritziak igorri eta horien berri lan-batzorde egokiari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araudian ezarritakoari jarraikiz.
2024Ko azaroaren 5ean, Ekonomia Garapenerako Batzordea bildu zen, eta, hartutako erabakietan oinarrituta, irizpen-proiektu hau egin zen, Batzordearen azaroaren 11ko Osoko Bilkurari aurkezteko, eta azkenak aho batez onartu zuen.